Teknologia berriek adingabeen eskura jartzen dituzte beren adinerako desegokiak izan litezkeen hainbat bideo, pelikula, modako serie edo eduki. Aurreko atalean gure seme-alaben pantailetan pornografia agertzearen gaia nola planteatu aztertu badugu, atal honetan alkoholaren eta bestelako legez kanpoko drogen apologia egiten duten edukietan jarriko dugu arreta.
Adingabeek oraindik ez dituzte alkoholaren eta bestelako legez kanpoko drogen apologia egiten duten honelako edukiak ulertu eta barneratzeko beharrezko tresnak.
Oraindik ez dute behar adina informaziorik ez eta gaiari buruzko irizpide definiturik ere, beraz, gaia jorratzeko erabiltzen den ikuspuntuaren eta planteamenduaren arabera, psikoaktiboen erabileraren irudi positibo edo negatibo bat iritsiko zaie. Gainera, adingabeek bakarrik ikusi ohi dituzte eduki hauek eta, ondorioz, ezin diegu lagundu eduki horiek testuinguruaren barruan interpretatzen edo ulertzen. Honelako edukiak behin eta berriz pantailetan errepikatzen badira, kontsumoaren nolabaiteko normaltasuna helaraziko zaie, hau da, substantzia psikoaktiboen nolabaiteko onura eta kaltegabetasuna. Honela, pixkanaka pixkanaka eta ohartu gabe sustatu daiteke mota honetako substantziekiko desioa eta erakarpena, edo substantzia horiek egoera edo ospakizun jakinekin lotzea gerta liteke.
Telebistarekin jada bere garaian ikusi genuen adingabeak beren adinerako egokiak ez ziren edukietara iristearen arriskua, baina teknologia berriek arrisku hori esponentzialki areagotu dute eta agerian utzi dute familiaren aldetiko planteamendu prebentibo bat burutzeko beharra mota honetako edukien aurrean.
Kasu honetan, aukerari onura atera behar diogu drogen kontsumoaren prebentzioa abian jartzeko eta substantzia psikoaktiboen kontsumoarekin lotutako edukiek gaia aurkezteko. Gure seme-alabek lehenago edo beranduago egin beharko diote aurre alderdi honi eta, horregatik, hobe da prebentziorako oinarriak lehenbailehen ezarri eta bideratzea.
Familia bakoitzak elkarrizketa planteatzeko eta hasteko modu bat izango du. Hona hemen adibide bat:
“Lehenago edo beranduago, gizarte sareetan barna ari zarenean edo Internet nabigatzen zabiltzanean, drogen eta alkoholaren kontsumoa goraipatzen eta sustatzen duten edukiak aurkituko dituzu, eta horri buruz hitz egin nahi dut zurekin, eduki horiek agertzen direnean nola jokatu jakin dezazun eta egoera horietan zuregandik espero duguna argi izan dezazun…”
Azken batean, ez da komenigarria substantzia psikoaktiboen kontsumoari buruzko lehen informazio iturria gizarte sareak, pelikulak, gazteei zuzendutako serieak edo Youtube-ko bideoak izan daitezen. Hobe da irakasleok edo gurasook bagara hasiera batean gaia planteatzen dugunak eta gure seme-alaba edo ikasleekin batera horren inguruan hausnartzen dugunak, hau da, zenbait serie edo telebista programatan agertzen den substantzia hauen irudiaren inguruan, substantzia hauen kontsumoak dakartzan arriskuen inguruan eta kontsumoaren ondorioaren inguruan. Gainera, adin goiztiarretan kaltegarriak diren eduki hauei mugak jartzeaz gain, drogei buruz pentsatzen duguna azal diezaiekegu ere. Pelikula edo telebista serie bat ikusteko adinari buruzko erreferentziak kontuan hartzea eta helduagoentzat diren edukiak debekatzea komeni da.
Zentzu horretan, onuragarria izaten da eduki horiek aurkitzen dituztenean gure seme-alabengandik espero dugunari buruz hitz egitea. Argitasun osoz esan diezaiekegu: “Ez dut nahi honelako irudirik eta edukirik ikus dezazun” eta ondoren azaldu horrek adingabeengan izan ditzakeen ondorio kaltegarriak, oraindik ez baitira helduak eta ez baitaude prest eduki mota horiek ulertu eta barneratzeko.
Gaiari buruzko informazio gehiago
https://energycontrol.org/energycontrol.org/energy-control/que-hacemos.html